Albisteak
2022·12·14
Hauek izango dira kontzertuak:
- Abenduaren 22an, ostegunean, Gontzal Mendibil abeslari euskaldunak eta Easo abesbatzak, gitarrarekin eta buzukiarekin Algel Unzuk eta akordeoiarekin Iñaki Dieguezek lagunduta, “Neugan bizi gabe biziz: San Joan Gurutzekoaren poema musikatuak” kontzertua eskainiko dute, eta bertan San Joan Gurutzekoaren obra mistikoko olerkiak, Gontzal Mendibilek musikatuak, entzun ahal izango dira.
- Otsailaren 5ean, igandean, Easo Gazte abesbatzaren programa Marion Angusen, Louiz Stevensonen eta Federico García Lorcaren poema batzuetan oinarrituko da, eta konpositore ingelesak Gary Carpenter eta Bob Chilcott izango dira. Emanaldiaren izenburua “Hitza eta ahotsa” izango da.
- Otsailaren 11n, larunbatean, Eskifaia Abesbatzak, Gorka Aierbek zuzenduta, bidaia musikal bat egingo du munduan zehar “Kantu eta kontu” izenburupean, eta emanaldian espiritual beltzak, boleroak, Baltikoko folklorea eta euskal kantak entzun ahal izango dira.
- Martxoaren 18an, larunbatean, Oñatiko Ganbara Abesbatzaren eta Aequus Ensembleren proposamen musikal berria entzun ahal izango da. Inspiratio izenburupean musika koralaren konpositore eta sortzaile ezagunak entzungo dira, besteak beste, TL de Victoria, J. Brahms, F. Mendelssohn eta J. Runestad, A. Cadario eta E. Whitacre.
Programa azaltzeko David de Miguel Berrobiko alkateak, Gorka Miranda Easo Abesbatzaren zuzendari artistiko eta “Berrobi Kantuz” I. Ziklo Koralaren zuzendariak eta Aritz Alkain Kulturako zinegotziak eman duten prentsaurrekoan, zinegotziak adierazi du zikloaren helburua musika koralaren kultura Berrobira hurbiltzea dela, eta lau kontzertuek “euskal tradizio koraleko hainbat obra” eskainiko dizkiela bertako bizilagunei.
Hirigune handietan bizi diren hiritarrek kultura eskurago dute eta kultura-eskaintza zabalagoa dute, baina Berrobin eta antzeko herri txikietan erronka handia da eta baita gure apustua ere kultura-agenda osoa eta zabala prestatzea.
Bestalde, adierazi du kultura Berrobira hurbiltzea “erabaki estrategikoa” dela; izan ere, 2022ko aurrekontuak, kulturara bideratutako kontu-sailari dagokionez, % 100 egin du gora. Berez, udal-kontuetako igoerarik handienetako bat izan zen kultura sustatzeko eta herrian antolatzen diren kultura-jarduerak areagotzeko. “Kultura gure apustu nagusietako bat da, eta horregatik ari gara buru-belarri programazioa hobetzen eta kultura-eskaintza zabaltzen. Horren adibide da Berrobi Kantuz ziklo koralaren lehenengo edizio hau abian jarri izana, eta, gainera, adierazi behar da, denboran aurrera jarraitzeko asmoz sortu dela”.