Visor de contenido web

Qué hacer y qué ver

Zelai eta Berastegi errekek sortutako haran estu batean, Tolosatik oso gertu aurkitzen da Berrobi. Erreka txiki hauek soseguz zeharkatzen dituzte ia hiru kilometro karratu eskaseko azalera duten herri honetako lurrak. Haranak berak markatzen duen ibilbide horretan, iparraldean Ibarra du mugakide, ekialdean Eldua, eta mendebalde eta hegoaldean, ostera, Belauntza. Datu estatistikoen arabera txiki eta arrunt dirudiena, ordea, ibilbide historikoan zehar gertakizun ugariren testigu izan da, eta hortik datorkio, bada, egungo aberastasun iturri nagusiena. Eta iturriak eta ura, errekak, basoak eta zuhaitzak, harriak, lurra eta bizia; hauek dira Berrobiko herriaren osagai nagusienak, eta horiek izango dira hurrengo lerroetan irakurriko dituzun bitxikeria historikoen lagun.

San Andres Deuna Eliza
Eliza, Andres Deunari eskainia, Berrobiko erdigunean dago kokatua, Udaletxearekiko aurrez aurre. Tenplu txikia da, kapera handi edo presbiterioa, bi atal eta koru dituena. Kontrahormak kanpoaldekoak dira eta bobedak, berriz, mentsulen gainean eusten dira, eta hauek gurutzeria sinplekoak dira. Eliz ataria fatxada nagusian du eta eraikinaren aurrealdea hainbat arkiboltekin aurkezten da.

1555. urtean eliza honekin lotutako herritarren bilera bat dokumentatua dago; bide batez esanda, kapera nagusia altxatzeko lehen harriak ordukoak dira. Obra hauen lana Martin de Berrobicana eta Joan de Amia arkitekto ezagunei esleitu zitzaien. Nahiz eta hasierako lanak behar bezala joan, harginen artean gatazka ugari izan ziren eraikuntzaren lidergoa bietako nork mantenduko zuenaren kezkan, eta hala, 1562an lan guztiak eten egin ziren. 1562ko abenduan herri galdeketa batean ateratako emaitzak ikusita, Martin de Berrobicanak proiektua bertan behera utziko zuela adostu zen adinez zaharrena izateagatik, eta bere ordez, Joan de Amiak, artean oso gaztea zenak, jarraituko zuela erabaki zen. Eraikuntza lanak hasi eta ia 30 urtera, 1586an, Joan de Amiak eliza bere kapera eta sakristiarekin amaituta entregatu zizkion Berrobiri 1570 dukat-en truke. Elizako dorrea beranduago eraikiko zen, estilo barrokoan.

Udaletxea eta inguruak
Udaletxea duela urte gutxi eraberritu zen. Karrerape edo arkupe irekia, eta hormak egurrezko eta adreiluzko egituraz eginak ditu, inguruko beste eraikinen usadioari eutsiz. Bere aldamenean Iriarte, Arbide eta Muñagorri etxeak daude; lehenengoak sarbidea eskailera batzutatik duen ate ikusgarria du; Arbidek, aurrekoaren gisa berean, etxebizitza izan arren, Iriartek baino itxura zaharkituagoa du eta XVI. mendeko maineldun leiho-bikiak ditu; Muñagorri bere puntu erdiko arkuagatik ezaguna da, bestalde. 

Baserriak
Errepidearen alde banatan aurkitzen dira Muttei, Iturralde, Berrobi-Zahar eta Telleri baserriak, guztiak arku ikusgarriak dituzten eraikinak, inondik-inora ere. Sebastian Deunaren ermitak Berastegiko Eldua auzoko muga egiten du eta guruztoki erakoa da. Alontso baserria, erdigunetik zertxobait urrunago dago eta oso interesgarriak dira, besteak-beste, bere sarrerako arkuak eta teilatu-hegalak.

Errekatik oso hurbil, beste baserri sorta bat dago; horietako bat interes berezikoa da, gainera. Estilo barrokoa duen Lapatza Jauregia Ulargako Markesek eraiki zuten. Eraikinaren izena, zenbait dokumentu historikotan jaso denez, “La paz” gaztelerazko espresiotik datorkio: atseden baketsua eta lasaia edukitzeko moduko paradisutzat ere definitua izan da leku hau hainbat erreferentzitan. Harlanduzko elementu ugari ditu eta zaintza egoera onean aurkitzen da. Aurrealdea erdiko ardatz nagusi baten pean nabarmentzen da; horrez gain, sarrerako ate nagusia, frontoi batekin errematatutako lehen solairuko balkoia eta familiako armarria ditu. Ganbaran dituen hiru okulurekin osatzen da eraikinaren egitura. Jauregiak iturburu propioa izan zuen garai batean, eta horren erakusgarri den iturri baten arrastoak ere badira oraindik. Bestalde, oso gertu dagoen Sebastian Deunaren ermita Lapatza Jauregiko Markesek kaperatzat zuten. Honek Berastegiko Eldua auzoko muga egiten du eta guruztoki erakoa da.

Alontso baserria, erdigunetik zertxobait urrunago dago eta oso interesgarriak dira, besteak-beste, bere sarrerako arkuak eta teilatu-hegalak. Interes bereziko baserriak dira, halaber, hilerritik gertu dauden Upilategi eta Errota Berri. Azken honetako errota 1975az geroztik ez bada erabiltzen ere, egoera oso onean aurkitzen den eraikina da. Kaxolatzen eta Belabietako beste leku batzuetan meazuloak zeuden. Hauetatik barita eta karbonato kaltzikoa zituzten harriak ekartzen ziren errota honetara. Bertan harriak xehatu eta gero mineral hauts bezala saltzen zen.

Arreta eta aipamen ugari egin daitezke, bide beretik, Berrobiko beste baserrien inguruan ere: Antzi Azpikoa, Antzi Goikoa, Akolegi, Alontxo, Altxonea, Aranburu, Arbide, Arbideberri, Arotzanea, Arroztegi, Azpillaga, Bengoetxea, Berazar, Birabe, Birautz, Buenavista, Bordaberri, Etxabe, Gabitegi, Galtzaztegi, Iturburu, Larrarte, Loiola, Luberrinea, Maltxorro, Martinsoro, Muntegi, Seskea Berri, Seskea Zar, Soronea, Telleri Zar, Tontola Bekoa, Tontola Goikoa, Txapital, Txurdiñaga, Ulanganea, Usategi, Usarre edota Urruti, besteak beste. Herriaren izaera gozoaren fruituak jaso dituzte hauetako baserri askotan. Izenei erreparatuz, bestalde, arestian aipatu bezala, herriak naturarekiko duen lotura nabarmentzen da; arotza, iturria, larra, soroa eta harri-bidea kasu.